Gazteluzar

Gazteluzar gaztelua mendixka baten gainean dago, Bidasoko pasabide estrategikoaren gainean. Fernando Katolikoa-k agindu zuen eraikitzeko, 1512an, eta lanak hiru urte geroago hasi ziren. Triangelu formako oinplanoa du, eta, San Martzialeko 1522ko ekainaren 30eko guduan, gotorleku seinalatua izan zen. Ondoren, berehala berreraiki zen, baina, 1542an, Karlos I.ak eraisteko agindu zuen. 1719an egin zen azken eraberritze ahalegina, baina, urte hartan bertan, zartarazi egin zuten, eta txikituta gelditu zen behin betiko.

Gazteluzar

Irungo ondarearen barruko beste elementu enblematiko batzuekin batera, Donejakue bidearen Euskal Herriko mugarrietako bat da gaztelua: horixe aitortzen du Eusko Jaurlaritzak monumentu multzo kategoriako kultur ondasun izendatzeko kaleratutako dekretuak.

Irungo Udalak San Martzialeko lehenengo guduaren V. mendeurrenaren harira prestatutako programa instituzionalaren esparruan, 2022an, gotorlekua zenaren aztarnak zaharberritzeko lanei ekin zien, Espainiako Gobernuak % 1,5 Kulturala programaren bidez emandako laguntzarekin, eta, behin hiriko ondarearen barruko elementurik sinbolikoenetako baten garrantzia gogorarazteko lanak burututa, 2023ko martxoaren 11an, aztarnategia jendearentzat zabaldu zen.