Eskualde hau erromes edo bisitari gisa ezagutzea Bideak historian zehar zedarritutako urratsak sentitzea da. Donejakue bidea ederki seinaleztutako ibilbidea da, erromesak bere ibilian gozatzeko moduan azaldua. Hiriguneetan seinaleak maskor bat eta plaka batzuk dira, eta mendi-bideetan gezi hori asko daude.
Ibiltariak Kantauri Itsasoarekin izango duen kontaktu bakarra Bidasoa ibaiaren bokalea izango da, Txingudiko badian. Handik aurrera, Gipuzkoako barnealdeko herriak zeharkatzen dituen ibilbide bat hasiko da. Bidean, hainbat haran zeharkatuko ditugu, eta euskal orografiaren ikuspegi bikainak eskainiko dizkiguten mendi txiki batzuetara igoko gara (Santiagomendira, adibidez).
Bidasoa ibaiaren gaineko Santiago zubitik abiatuko gara, eta Santiago kaleraino –eta bertatik Junkaleko Andre Mariaren elizaraino– doan Real Unión pasealekua hartuko dugu erakustazokaren inguruan. Bertatik, Udaletxearen pareko San Juan Harria plazara igoko gara.
Kostaldeko Bidearekin lotzen den bidea Kolon pasealekutik abiatzen da. Guk Kale Nagusitik jarraituko dugu, eta Elizatxo hiribidetik Landetxa auzora abiatuko gara. Udal-aterpetxera iritsi aurretik, ezkerrera egingo dugu gora egiten duen eta autobidearen gaineko zubia zeharkatzen duen Belitz kaletik. Hainbat baserriren ondotik igaroko gara, eta errekasto baten ondotik egingo dugu aurrera.
Errepidea zeharkatuko dugu eta, hotelaren parean, haranaren behealdera jaisten den bide bat aurkituko dugu. Ondoren, bideak gora egiten du zementuzko pista bateraino, eta bertatik jarraituko dugu eskuinerantz. Jaitsiera gogor baten ondoren, Oiartzungo auzo nagusira iritsiko gara (Elizalde auzora, alegia).
Oiartzungo gune nagusia zeharkatu ondoren, Iturriotz auzora iritsiko gara. Kale nagusia zeharkatu eta zementuzko pista batetik jarraituko dugu, bidexka batera iritsi arte. Bidexkak behera egiten du errekasto bateraino, eta bi zubi txikitik zeharkatuko dugu. Baserri baten ondotik igaro, eta lepo batera igoko gara. Ondoren, behera egingo dugu Sorozarreta baserriraino.
Idi-probalekuaren inguruan, Manisene baserrira doan pista hartuko dugu. Imiako muinoa eskuinaldetik inguratu, eta Santiagomendi ermitara igoko gara bide zaharretik. Donejakue Bideko erreferentzia garrantzitsua da muinoaren gaineko ermita hori, eta ikuspegi bikainak eskaintzen ditu.
Aparkalekuraino jaitsi ondoren, ondoko muinoko errepikagailura doan errepide estua hartuko dugu ezkerrean. Beherantz goazela, hainbat baserriren eta Agustindarren komentuaren ondotik igaroko gara, eta altuera galtzen jarraituko dugu Astigarragara iritsi arte.
Bideak ezkerretik jarraitzen du Ergobia auzoraino, eta Urumea ibaia zeharkatzen du ondoren. Zubigain pasealekutik industrialde bateraino jarraituko dugu, eta trenbidearen azpitik igaro ondoren, La Florida auzotik alde zaharreko Zinkoenea plazara igoko gara.
Kostaldeko Bideare hasiera sinbolismoz beteta dago: Bidasoa ibaiaren muga naturala gainditzen duen Irungo Santiago Zubian hasten da, edota Hondarribian, txalupan zeharkatu nahi izanez gero Hendaiatik. Lehen etapa hau ibilbide osoan aurkituko diren gauzen laburpen paregabea da: itsasoaren ondoan dauden mendikateek, adibidez Jaizkibel edo Ulia; zeharkatu behar diren bokaleak, adibidez Pasaiako itsasadarrarena; kostaldearen ikuspegi bikainak dituzten bidexkak; marinel-herriak, adibidez Hondarribia; eta amaiera bikaina emateko, Donostia.
Zubia gurutzatu ondoren, Itsasadarraren bideari jarraitzen dion bidegorria hartuko dugu Santiago kalera iritsi arte. Junkaleko Andra Mariaren Elizaren ondoan bira egingo dugu eta udaletxeko plazara bideratzen gaituzten eskaileark jarraituko ditugu. Eskuinalderantza jarraituko dugu Kolon Pasealekutik eta Hondarribia kaletik Mendelurantz. Amuteko zubia igaro ondoren auzo-bide bat jarraituko diogu Santiagotxo ermitaraino.
Santiago kaletik alde zaharrera bideratuko gara eta gazteluaren aurrean dagoen Arma Plazara igoko gara. Kale Nagusitik jaitsiko gara eta Andre Mariaren atearen azpitik eta eskuinalderatnz jarraituko dugu Santa Engrazia ermitaren alboko biribilgunera iritsi arte. Ermitaren eskuinaldean harrizko eskailera batzuk gorantz doaz, bide horri jarraituz Santiagotxo ermitara iritsiko gara.
Bideak baserrien arteko errepide batetik jarraitzen du. Aterpetxe pribatu batera iritsi aurretik Guadalupeko ermitara igotzen den bidea hartuko dugu, eta bertatik Txingudiko Badiaren ikuspegi bikainaz gozatuko dugu. Ermitaren alboan izen bereko gotorlekua dago, Gipuzkoako defensa-eraikuntza ederrenetakoa izaki.
Santutegiaren aurretik abiatzen den baso-pista hartuko dugu; aurrerago ezkerralderantz egiten du Jaizkibel mendia bere hegoaldeko hegaletik inguratzeko. Erromes batzuek hegalaren erdialdeko pista honi jarraitzea aukeratzen badute ere, Jaizkibel mendiak tontorretik eskaintzen duen ikuspegiak merezi du Bide ofizialari jarraitzeko ahalegina egitea.
Beherantz egiten hasi ondoren, mendi-lepo batera iritsiko gara, eta Guadalupe igaro ondoren utzi dugun pistara jaisten den bidea hartuko dugu ezkerraldean. Gezi batek Pasaiako aterpetxera doan desbiderapena adieratzen du, baina jaisten jarraituko dugu Lezorantz doan Bide ofizialetik.
Lezora iristean, Auñamendi kalean behera jo, eta Saldise plaza eta errepidea zeharkatuko ditugu Gurutze Sainduaren basilika dagoen plazara iristeko; basilika hori oso ezaguna da bizarrik gabeko Kristo bat duelako. Kale Nagusitik gora, Pasai Donibanerantz abiatuko gara.
Pasai Donibanek “kale bakarra” du, oso berezia; Victor Hugoren etxearen ondotik igaro (gaur egun turismo-bulegoa dago bertan) eta santutxo batera helduko gara; santutxoaren parean Pasai San Pedrora eramango gaituen txalupa hartuko dugu.
Badia zeharkatutakoan, eskuinaldera joko dugu, portuaren bokalerantz, Albaola itsas Kultur Faktoriaren ondotik igaroko gara; Albaola XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika eraikitzen ari dira, eta lanak zuzenean ikus daitezke.
Bidegurutzea igaro ondoren ezkerraldetik jarraituko dugu, eta auzo bide batera iritsiko gara; bertan eskuinalderantz joango gara eta Uliako parkerantz jarraituko dugu. Parkean sartzerakoan, gazte-aterpetxera doan desbideratzea ezkerrean utziko dugu, eta beherantz joango gara pista eroso bati jarraituz gure bistan Donostia agertu arte. Aldapa handi bat jaitsiko dugu, Zurriolako hondartzara iritsi arte. Kursaal eraikina igaro eta Zurriolako zubia zeharkatu ondoren, Donostiako Boulevardera iritsiko gara, etapa honen amaierara.