Landa-inauteria
Baserriz baserri izenez ere ezaguna, inauteri hau Irungo landaguneko baserri eta etxeetan barrena ibiltzen da kaldereroen ondorengo hurrengo larunbatean. Irungo kultur elkarte eta bestelako elkarte zenbaitek dantzari-taldeak antolatzen dituzte, eta beren inguruko landagunean irteten dira.
Neskek poxpolinaren jantzi berezia janzten dute, beren alkandoretako maukak zinta gorriz eta urdinez sigi-sagan apainduta eta gonari kaxkabiloak josita. Mutilek alkandora eta galtza zuriak jantziko dituzte, eta galtzak zinta gorriz eta urdinez apainduko dituzte erronbo moduan. Gerriko eta txapel gorriak ere jantziko dituzte. Azkenik, zapi estanpatua eramango dute lepoan lotuta. Neska-mutilek ohizko fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte etxe bakoitzaren atarian. Dantzak amaitutakoan, ohizkoa da bertan egindako produktuak, normalean elikagaiak, oparitzea, adibidez, arrautzak, txerrikiak edo sagardoa.
Inauteri konpartsa
Kaldereroak izan eta hurrengo asteburuan, konpartsa asko ateratzen dira Irungo kaleak girotzera. Kolorez eta umorez betetzen dituzte kaleak, eta lehiaketa batean parte hartzen dute.