Hondarribian, Santiago egunez, San Pedro egunean (ekainak 29) aukeratu zituzten itsasoko Abade eta Alkateen kargu hartzea egiten da.
Arrantzaleak Kofradiatik parrokiara joaten dira desfilean Abade Nagusiak aukeratutako neska gazte baten laguntzarekin. Neska hau arrantzale baten alaba izaten da eta buru gainean Kutxa eramaten du. Kutxa horretan Kofradiako memoriak eta balantzeak gordetzen dira eta Udal bandak jotzen duen Okendoko martxaren erritmoan mugitzen da.
Parrokiako sakristian elkartzen dira eta urteko balantzea irakurtzen dute. Irakurketa amaitzen dutenean, agiriak Kutxan sartu eta berriro ere Kofradiara itzultzeko bidea egiten da segizioan.Kofradian arraunen bidez arku bat osatzen da musikaz lagunduta, eta neskak, Kutxa buruan duela, bueltak ematen hasiko da eta ikusleek txalotu eta animo oihuak bidaliko dizkiote. Amaierako ekintza honi Kutxa Ematea deitzen zaio.