Oiasso izena iturri klasikoetatik ezagutzen da; izan ere, Estrabonek, Pliniok, Ptolomeok eta beste idazle batzuek hiri baskoi hori aipatu zuten beren testuetan. Azken hamarkadetako indusketa arkeologikoek, azkenean, aukera eman dute oraingo Irungo alde zaharreko zein lekutan zegoen jakiteko.
Gaur egun 15 bat hektarea kokaleku baten berri izan dugu, portu aktibo batek eta zilarra eta kobrea ateratzeko meatze-ustiapenek bultzatua. Portuaren jarduerarik handiena gure aroko 70. eta 200. urteen artean kokatzen da.
Uztailean, museoa eta bere inguruak DIES OIASSONIS jaialdi erromatarraren eszenatoki bilakatzen dira. Garai erromatarraren eguneroko bizimodua, gastronomia, musika eta antzerkia ekartzen dira gogora. Horretarako, tailerrak, erakustaldiak, emanaldiak eta produktuen salmenta antolatzen da, betiere izaera ludikoa eta didaktikoa mantenduz. Xedea lortzeko, birsortze historikoan espezializatutako taldeez baliatzen da, eta asteburu batez iragan erromatarra itzultzen zaio Iruni.
Historia berreraikitzeko jarduerekin batera, erromatar azoka hiriko kaleetan barrena zabaltzen da, eta erromatar pintxoaren ibilbidea auzo guztietara iristen da. Irun eraldatu egiten da, eta biga eta gladiatoreen ikuskizunak hartzen du hiriaren erdialdea.
Jaialdiaren jarduera nagusietako bat la Navigium Isidis da. Isis jainkosaren omenezko prozesio bat da eta antzinako munduan ospakizun horren xedea nabigazioaren denboraldiari hasiera ematea zen. 200 pertsonak parte hartzen dute prozesio horretan.