Hauxe da Hiriko kale nagusia eta bertan daude eraikuntza berezienak ere. Bere etxeetako teilatu-hegalak nabarmentzen dira, batzuk bikoitzak eta beste batzuk sinpleak, hagaburutxoak zizelkatuta dituztela, burdina forjatuzko balkoiak eta armarriak.
Begiratu arretaz 26, 24 eta 22 zk. dituzten etxeak; estilo barrokoko Udaletxea, 20. zk duena; Casadevante etxea, 5 zk. duena (bertan adostu ziren 1638ko setioko baldintzak); Zuloaga etxea, 8 zenbakikoa, Torre-Altako Kondearen etxea izan zena (bertan daude Artxibo Historikoa eta Udal liburutegia); Iriarte Etxea, oso deigarria, fatxadetako egurrezko egituragatik, modiloiengatik eta habeengatik (sarrera Denda kaletik du, 2. zenbakitik); Eta Ladrón de Gebara Etxea, adreilu beiratu urdina duena, estilo honetako bakarra (2. zk.)
Bertan dago Eguiluztarren leinu etxea; tradizioak dioenez, bertan hartu zuten ostatu 3 gauez Juana Eroak (Errege Katolikoen alabak) eta Felipe Ederrak, Bruselarantz zihoazela printze-printzesa oinordeko izendatuak izatera (1502. urtea)
Eginkizun militar eta zibila zuen, izan ere goarnizioak bertan egiten zituen arma ariketak, eta gainera han egiten ziren jakinarazpenak, harrerak, zezenketak, eta beste zenbait herri jaialdi.
Eguiluz etxearen aurrealdean dagoen igarobidetik iritsiko gara Gipuzkoa Plazara. Eraiki berria bada ere, xarma handiko lekua da, guztiz egokia kontzertuak eta ikuskizunak egiteko.
Hondarribiko kalerik zaharrenetakoa da, izan ere, XVI. mendeaz geroztik ezagutzen da egungo izenaz. Mutur batean Palentziako Hiri Dorretxea dago, Etxebestenea ere deitua. Etxe honetan sortu zen Sevillako Artzapezpiku, Carlos V.aren kaperau eta Santa Teresaren babesle izan zen Cristobal de Rojas y Sandoval jauna. Jaiotetxearen aurrean, bere izena daraman enparantzan, Hondarribiko hiriak estatua bat eraiki zion bere seme ospetsuari.
Kale honetan etxe interesgarriak, harlanduzko horma duten behe solairuak eta ate eta leihoburuak daude. Goiko solairuak hormen gainean daude. Aipagarria da Rameri etxea, 16. zk. duena, Hondarribiko Historiaren lagunen Elkartearen egoitza, eta etorkizunean Hiriko museoa izango dena.