Harresia

1203. urtean sortutako Erdi Aroko hiri gisa, hiri esparrua inguratuko zuen harresia izango zuen Hondarribiak. Harresi horren trazatuak hainbat handitze izan zituen hiri sarea bera handitu ahala. Erdi Aroko harresi horren trazatua izango zenaren landu gabeko kareharriz eginiko eraikuntza egiturak kontserbatu dira gaur egun, parroki elizaren kanpoaldean ageri diren hondakinak horren erakusgarri.

XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran obra handiak egin ziren gotorlekuan, muinoan bizi ziren biztanleak babesteko eraiki zituzten kuboak, baluarteak, babes erretenak eta zubi altxakorrak horren erakusgarri. Bi atetatik sartzen zen harresi barruko esparrura, Santa Maria atetik eta San Nikolas atetik, hain zuzen ere, eta zubi altxakor bana zeuden haien aurrean.

Gure egunetaraino iritsi diren egiturak dira Santa Maria Kuboa Erreginaren Baluartea, San Nikolas Baluartea, Santiago Baluartea, ez ordea Madalena Baluartea edo Bastioa, seguru asko egungo hiri sarearen azpian egongo baitira haren hondakinak. XVII. mendetik aurrera esparru gotortua handitu zuten, errebelinak eraiki baitzituzten, San Nikolasenena eta Guevararena, kontraeskarpaz gainera.

Erreginaren baluartea

Baluarte honen kokapenaren ondorioz, eraso asko jasan zituen izandako setioetan zehar. XVI. mendean eraiki zen, eta geroago Manzano Monis arkitektoaren zuzendaritzapean zati bat birgaitu egin zuten, XX. mendean. Murrua izeneko pasabidean harresien lodiera antzematen da.