Eraikin ederra da, Udaletxeen tipologia molde klasikokoa, eta San Juan Harri plazan dago. Felipe Crame, Donostiako plazako ingeniari komandanteak egin zuen proiektua, eta haren profila ageri da ate nagusiaren gainaldean dagoen medailoian. Fatxada nagusia harlanduzkoa da eta kuxindurak ageri ditu beheko solairuan eta eskantzuetan; harrizko erlaitza du, eta haren gainean balaustrada bat kareharriz eginiko armarri handiak zatitua.
Beheko solairuan bost arkuko arkupea du eraikinera sartzeko; arku bakoitzaren gainean irudi koroadunak ageri dira. Solairu nagusian balkoi jarraitu handia du, mentsuletan oinarritua, eta errematean frontoiak dituzten bost atek dute irteera balkoi horretara. Barrualdean eskailera handi bat du, 1903. urtean eraikia euskal jaiak zirela eta. Udal aretoetan banaturik margolan ederrak ikus daitezke, honako margolari hauenak, hain zuzen ere, Zuloaga, Dario de Regoyos, Salaberria, Salis, Bienabe Artia, Montes Iturrioz, Albizu, Gracenea, Mentxu, Gal eta beste.
Izen bereko plazaren bazter batean dago. Harrizko oinarri baten gainean altxatzen da zutabea, fustean ildaskak ageri ditu eta fustearen goiko aldean kapitela dago. Kapitelean denboraren poderioz higatu diren armarri batzuk oinarritzen dira eta baliteke armarri hauek Austriako Etxearena, Gipuzkoarena eta Irun-Uranzu Unibertsitatearena izatea.
Zutabearen goiko aldean estatua txiki bat dago. Estatua honek beste baten lekua hartu zuen 1850. urtean. 1964an monumentu historiko-artistiko izendatu zuten.